XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

(...): une luze batez surtan erretzen ari ziren haritz-enborren zirt-zarta besterik ez zen aditu.

Ez da erraza komunitate honetako kideen erreakzioen zergatia ulertzen: horixe izan da hemen ostatu harturik daramadan egun eta erdi honetan lehenik atera dudan arrazoibidea.

Oso arrazoibide eskasa, noski baino noskiago.

Baina has nadin hasieratik, beti esan ohi den bezala.

Edo zer egiten du ni bezalako neska batek honelako leku batean, hori ere maiz galdetu ohi da-eta, maizegi apika.

Bada, oraintxe azaltzera noa.

Agilulfo della Casapetra, oinaztarren leinuko ganboar zaldun ez-denaren bila nabil.

Zergatik?...

O, zelako galdera inozoa!

Dena jakitun ustezko ez-jakin hutsa delako, beti ibili ohi delako bere buruarengandik ihesi, beti haize-errota erraldoi ustezkoen kontra borrokan, beti... baina ez du merezi arrazoien zerrenda luzatzeak, batez ere arrazoi horiek bigarren mailakoak direnean, zeren-eta, beno, ongi da, esan dezadan: maite dut, eta zer?

Nire problema da, ezta?

Eta orain, nahi baduzue, has zaitezte Vienako Patriarkaren liburuetan zita egokiak bilatzen, hau eta hura eta bion aitzitikoa frogatu nahian, hori bai dela zuen problema.

Atzo iritsi nintzen abatetxe entzutetsu honetara, neguko eguerdi elurtsu batez.

Tipi-tapa etorri nintzen nire gurasoek Verona aldean duten jauregi ederretik non neska noble gazte batek desio ditzakeen apeta guztiak gozatzeko ahalbidea bait nuen, oinutsik eta soinean fratrum minorum-en ordenako habito lakarra jantzirik, inork nire neskatilatasunari igarri ez diezaion neure adats luze horailak ia hilearen zuztarretaraino mozturik.

Eta bide nekoso, bihurgunetsu eta luze baten buruan, hantxe azaldu zen, mendi muger honen gailurreko zabaldian, harri landuzko abatetxe misteriotsu hau, laino eta bisuts artean ozta-ozta nabarmengarri.

Ixtorio eta elezahar asko entzuna nuen bide-gurutzetako eskale eta koblakarien mintzotik gaztelu-komentu honetan gertatzen ei diren jazoera izugarriei buruz, eta jakin ere banekien nik maite dudan zaldun zaldun-ez-denak oso gogoko dituela horrelako ipuinak, batez ere herensugeak eta gisa beretsuko lelokeriak aipatzen direnetakoak.